Hemen zaude: Hasiera Ezagutu Ibarraundi museoa
Dokumentu Akzioak

Ibarraundi museoa

Museoaren aurkezpena

1986. urtearen bueltan, Udaletxean bertan zegoen lokal batean, Eskoriatzako Museo Eskola sortu zen Luis Ezeiza Herri Eskolan historia arloa lantzeko proiektu osagarri bezala. Beranduago, Udalak Ibarraundi jauregia erosi zuen eta 2005. urtean, ordura arte Eskoriatzako Museo Eskola izandakoa Ibarraundi museoa izatera pasatu zen.

Ibarraundi jauregia XV. mende erdialdekoa dela uste da, Erdi Aro bukaerakoa, Galartza familiarena. Garai hartan jauregi edo dorretxe izan bazen ere, XVIII. mendetik XXI. mendera baserri moduan erabili zen.

Gaur egun, Eskoriatzako ondare historiko eta etnografikoa babestu, ikertu eta hedatzeaz gain, bertako eta Leintz bailarako kulturaren adierazpen eta azterketa gunea izan nahi du museoak.

Ordutegia

  • Astelehenetik - ostiralera: 9:00 14:00
  • Aldi baterako erakusketak: 9:00 14:00 / 17:00 19:00

Zerbitzuak

Bisita gidatuak: aldez aurretik txanda hartuta eskola taldeei eta bestelako taldeei zuzendutako bisita gidatuak eskaintzen dira.

Ekintza didaktikoak: Ibarraundi, Museo Eskola gisa sortu zen eta bere horretan jarraitzen du. Bisita gidatu batez eta tailer didaktiko desberdinez osatutako hezkuntza programa eskaintzen die ikastetxeei  historia, etnografia eta ingurumena lantzeko. Hezkuntza programa

Erakusketa: historia eta etnografiako erakusketa iraunkorra dago eta aldi baterako erakusketak antolatzen dira.

  • Leintz Aretoa: Areto honetan Leintz bailarari buruzko audiobisuala dago ikusgai. Hor, Ibarraundi jauregiak lehenengo pertsonan kontatzen digu nolako aldaketak izan dituen Erdi Arotik hona, eta narrazio horretan oinarrituta Eskoriatza nola sortu zen ezagutzera ematen digu. Atxorrotzeko gazteluak, berriz, Leintz bailararen zaintzaile gisa, Erdi Aroa hemen nolakoa izan zen azaltzen digu: garai hartako egitura ekonomiko-soziala nolakoa zen, elizateak nola sortu ziren, bertan bizi izan ziren jauntxo eta leinuen arteko liskarren gorabeherak, bailarako herri diren Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate nola sortu ziren.
  • Historia erakusketa: Gela honetan historiaurrearen bilakaera erakusten da, hasi Paleolitoan eta Neolito eta Brontze Arotik pasatuz Burdin Arora arte; bertan ingurune hurbiletik abiatuta hainbat herri eta zibilizazioen historia ezagutu ahal izango dugu. Erakusgai dauden elementuen artean, aipatzekoak dira Eskoriatzako ikur bihurtu diren Axtrokiko ontzien erreplikak (Burdin Aroko Halsttat kulturaren garaikoak).
  • Etnografia erakusketa: Areto honetan lihogintzak, burdingintzak, eskolak, liburugintzak, sukaldeak eta euskal mito, errito eta sinesmenek gure gizartean izan duten eragina azaltzen da. Aipatutako arlo bakoitzak bere txokoa dauka erakusketan.

Hitzaldiak: gai desberdinei buruzko hitzaldi eta jardunaldiak antolatzen dira.
Aldi baterako erakusketa aretoa: erakusketak egiteko aretoa dago herritarren zerbitzura.
Audiobisual aretoa: hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzeko aretoa dago herriko pertsonen eta erakundeen zerbitzura.

Denda: Eskoriatzako liburuak eta oroigarriak eros daitezke.

Liburutegia: kontsultarako liburutegia dago.

Museoko aretoak erabiltzeko tramitea

Zer da eta zertarako balio du?

Ibarraundiko aretoak erabilgarri izango dira kultura eta giza izaera duten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat eta pertsonentzat hitzaldi eta erakusketak antolatzeko.

  • Hitzaldi gela: 85 lagun biltzeko tokia.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eskaera inprimakia bete daiteke museoan (komenigarria da aldez aurretik eguna libre ote dagoen egiaztatzea). Hala ere webgune honetatik ere jaitsi dezakezu. Hemen duzue  erreserba egiteko inprimakia.

  • Eskaera aurkezteko epea: Astebete lehenago.
  • Tasarik ordaindu behar da? Ez

Tramiteak egiteko

Ibarraundi museoa
Intxaurtxueta z/g
Tel/ Faxa: 943 71 54 53
ibarraundi@eskoriatza.net

Zubiate labea