D. Ordaindu gabeko kuotak erreklamatzeko demanda
Bergarako Lehen Auzialdiko Epaitegia
Ariznoa plaza, z/g
20570 Bergara
Ni, Maripi Uribarren Arana (NA zk. 11.222.333.J), irailaren 24an egindako batzarrean hartutako akordioaren arabera, Arrasateko Anboto kaleko 3ko Etxejabeen elkarteko presidentea (ondoan doa ziurtagiria, 1. agiria), epaitegi horretan agertzen naiz eta
ADIERAZTEN DUT
Idatzi honen bidez eta legez dudan ordezkaritzaren izenean, auzia jartzen dudala Jon Lopez Amenabarren kontra, gure komunitateari ordaindu ez dizkion kuotak erreklamatzeko, guztira 120 euro. Eta hori hauen arabera:
GERTAKARIAK
- Jon Lopez Amenabarrek ez ditu ordaindu gure komunitatearen kuotak 2002ko urtarrilaren 1etik, eta horrek esan nahi du 120 euroko zorra duela.
- Jabeen komunitateak irailaren 24an egindako batzarrean akordio hau hartu zuen gai zerrendaren 4. puntuan: Jon Lopez Amenabarrek zor duen zenbatekoa zehaztea eta horri buruzko agiria egitea (ikus 2. agiria)
- Aurtengo urriaren 2an helarazi genion zordunari agiri bat zorraren likidazioarekin, Jabetza Horizontaleko Legeak ?eta Lege hori berritu zuen apirilaren 6ko 8/1999 Legeak? ezarritako bideetatik helarazi ere (ikus 3. agiria).
- Jabeen komunitateak, goian aipaturiko batzarrean, erabaki hau hartu zuen (ikus 4. agiria): batetik, auzibidera joz eskatzea zor horren zenbateko osoa, baldin eta, zordunari eskatu eta gero, zor duen guztia kitatzen ez badu; eta bestetik, ahalmena ematea elkarteko presidenteari, dagokion moduan jokatzeko.
- Zorra onean kobratzen ahalegindu bagara ere, ez dugu kobratzerik lortu. Hori dela eta, epaitegira jo beste biderik ez dugu izan.
Horregatik
ESKATZEN DIOT EPAITEGIARI
- Eskaera hau aurkeztutzat emateko.
- Jon Lopez Amenabarren kontra jarritako demanda onartzeko, Arrasateko Anboto kaleko 3ko Etxejabeen komunitatearekin duen 120 euroko zorra ordain dezan.
- Dagozkion tramiteak egin eta gero, errekeritzeko pertsona horri 20 eguneko epean ordain diezagun.
- Horretaz gainera, ohartarazteko zordunari, ordaindu ezean, zorra, horren interesak, prozesuko kostuak eta auzibidez kanpoko gastuak (notarioaren bidez demanda helarazteko izandakoak) ordaintzeko aginduko diozula, guztira 300 euro inguru, alegia. Horren kaltetan gabe, auzibidea amaitu ondoren, gastuen likidazioa egin beharko da.
Berebat, Jabetza Horizontaleko Legeak ?lege hori berritzeko apirilaren 6ko 8/1999 Legeak dakarren idazketa berrian? 21. artikuluan jasotakoaren eredura, eskatzen diot zordunaren ondasunen aurreneurrizko bahitura egiteko, hartarako fidantzarik jarri gabe.
Arrasaten, 2004ko urriaren 30ean
Izp.: Maripi Uribarren Arana
Anboto kaleko 3ko presidentea
Adibidea .rtf formatuan