castellano |  Web mapa
  
 
   Udala | Gure Herria | Kultura eta Turismoa | Kirola | Egutegia | Albisteak | Argazkiak  
  KULTURA ETA TURISMOA  Hemen zaude:   Sarrera »  Kultura eta Turismoa »  Ibilbideak »  Mazmela eta Zarimutz elizateak. PR-GI 100
Eskoriatza Dena, Museo bat
Jaiak
Hezkuntza
Elkarteak
» Ibilbideak
  Bolibarko elizatetik zehar. PR-Gi 99
  » Mazmela eta Zarimutz elizateak. PR-GI 100
Atxorrotz eguna

Mazmela eta Zarimutz elizateak. PR-GI 100

Iraupena: 3,5 ordu

Distantzia: 12,5 km

Ibilbide honek Mazmela eta Zarimutz elizateak zeharkatzen ditu; batetik, antzinako ohiko bideak erabiliz eta bestetik, "Vasco Navarro" trenbidea jarraituz.

Ibilbidea

H.- Eskoriatza. Ibilbidea Eskoriatzako Santa Ana auzotik, labaderoaren albotik abiatzen den bidetik hasten da. Aldapan gora errekaren ertzetik igoko dugu eta laster, ezkerraldera, Bidebarrietako Pasealekua hartuko dugu. Bide hau jarraituz, Deba ibaiaren eskuin aldetik, Eskoriatzako herria zeharkatzen dugu.

a.- San Bartolome baseliza. Porlanezko bidea bukatzen denean, lurrezko pista hasten da eta pinudien artean aurrera egingo dugu, Txarakoa baserriarekin topo egin arte. Jadanik Mazmela elizatean gaude. Bidea jarraituz harizti eder batetan ezkutatuta San Bartolome baseliza dago. Aurrerago Iremain eta Kapelana baserriak.

Errepidez metro batzuk egin ondoren, lurrezko bidea hartu eta laster asfaltatutakoa, Mazmela elizatearen erdigunean gaude.

b.- Mazmela elizatea. Mazmelako Jasokunde Amaren parrokiatik aurrera egin eta Etxenagusia eta Etxenagusia Txiki baserriak alde batera utzi, ostera lurrezko pista hartzeko. Harizti eta pagadi dotorea zeharkatu eta pinuen artean Agarre Goiko eta Agarre Beheko baserrietara eramaten gaituen bidearekin topo egin arte jarraitu. Ezkerraldera begiratuz, bere dotoretasunean ikusiko dugu Aitzorrotz mendia. Errepide hau gurutzatu eta zuzen jarraitu, garai batetan Mazmela eta Zarimutz elkartzen zituen bidetik.

c.- Zarimutz elizatea. Aintzinako bide hau Zarimutz elizateko Zabale baserriaren albora heltzen da. Aurrera eginez gero, San Pedro parrokiara iristen da. Ibilbidea jarraitzeko ezkerraldeko bidea hartu, une honetan Vasco-Navarro trenbidearen bidea hartzen dugu.

d.- Vasco-Navarro trenbidea. Bide honetan aurrera eginez, garai batetako tren geltokia dago, gaur egun guztiz eraberrituta. Tren geltokia alde batera utzi, jarraitu bidea eta bi tunel igaro ondoren Mazmelako tren geltoki zaharraren albotik Mazmela elizatera bueltatuko zara.

Hemendik San Pedro parrokiaren albora helduko gara eta hemendik aurrera, lehen egindako bidetik, Eskoriatzara bueltatuko gara.

Interesguneak

1. San Bartolome baseliza

Harizti eder baten barnealdean dago eta, garai batetan, Mazmela elizateko biztanleak errogatibak egitera joaten ziren San Bartolome egunean, abuztuaren 24an. Gaur egun, barnealdeko aldareko santua desagertuta dago.

2. Mazmela elizatea

Elizatearen erdigunean Jasokundearen Andra Mari parrokia dago. Eraikin honen historian zehar hainbat eskuhartze jasan behar izan ditu, kokaturik dagoen lurraren ezegonkortasuna dela bide. 1530.urte aldera eraiki zen eta ordurako bazituen harlanduzko ganga egiteko harrizko jarjak, nahiz eta segur aski inoiz burutu ez.

XVI. mendean gertatu zen hondorapen bati esker, zurezko txertelete-ganga eraiki ahal izan zen, eta ustez, Juan de Aguiriano maisu eskoriatzarra du egile.

Izan ere, Mazmela izan daiteke maisu honek burutu zituen obra-multzoaren buru, zeren ia lan guztiek dituzte antzeko ezaugarriak; horietatik aipatzekoak dira Aramaioko Etxaguen eta Arexolako parrokiak. Leintz Gatzagako errepidean Gastañadui auzoan Santa Columba baseliza dago.

3. Zarimutz elizatea

Eskoriatzako erdigunetik 5 km. tara dago eta bertara Leintz Gatzagako errepidetik heltzen da. Ikustekoak dira San Pedro parrokia, Erdi Aroko aztarnak dituen eliza, XVIII. mendean berriztutakoa eta baserrien artean, Uruburu etxea. Marulanda auzoan XVI. mendean dokumentatu den San Andres korsino baseliza dago.

4. Vasco-Navarro trenbidea

Vasco-Navarro trenbidearen bideak ibilbide luzea egiten zuen Eskoriatzan zeren eta Marin, Mazmela eta Zarimutz elizateak zeharkatzen zituen.

Inguruko beste aukera batzuk:

Eskoriatzako Museo-Eskola.