Ondare Arkitektonikoa
Eskoriatzan arkitektura lan ikusgarriak daude han-hemenka. Jauregi eta eraikuntzak anitz dira eta horiek guztiak lotuta ibilbide aberasgarri eta oparoa egiteko aukera daukagu.

Errosario Santuko erietxea hartuko dugu abiapuntu. XVII. mendean eraikitako ospitale hau probintziako monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Juan de Mondragon Azkarretazabal Eskoriatzako semeak Ameriketan bildutako diruarekin eraiki zuten. 1912tik oraintsu arte San Viatorko fraideen esku egon da baina 1998an Mondragon Unibertsitateak erosi zuen, eta ordu ezkero HUHEZI fakultatearen egoitza dago bertan. San Pedro elizara joko dugu orain.

Hau ere XVIII. mende amaieran eraiki zuten, Mexikotik herritarrek bidalitako diruarekin. Barroko estilokoa da eta ezaugarri nagusi ditu dorrea eta Kristoren eskultura. Gastañadui edo Ganuza etxea San Pedro elizaren parean dago. Etxe honi buruzko aipamen zaharrena XVI. mendekoa da. 1730ean Gastañadui jaunak, Filipinetako Casamarca probintziako kapitain jeneralak, erosi zuen.

Euskal Herriko beste udal askotan bezala, Eskoriatzan ere Udaletxea eraikuntza lan handia da. XIX. mendean eraikia, harlanduz egitura sinplea du. Zalbidegoitia jauregia Pedro Zalbidegoitia eskoriatzarrak aginduta eraiki zuten, XVIII. mendean, Ameriketako merkataritzarekin irabazitako diruarekin. Egun kultura etxea da.

Jose Arana panteoia Mariano Benlliure eskultura egile ezagunak Jose Aranari egindako eskultura multzoan dago Eskoriatzako hilerrian.
