Monumentuak eta eraikuntzak
1. Jose Aranaren panteoia
Udal hilerria, garai bateko parrokia zaharra zegoen lekuan dago. Bertan Mariano Benlliure eskultore ezagunak Jose Aranari egindako eskultura multzoa nabarmentzen da. Gogoratu behar da Eskoriatzan jaiotako Jose Arana izan zela, besteak beste, Donostiako Aste Nagusiaren sustatzaile garrantzizkoena.
2. Zubiateko labea

Bere inguruan aurkitu ziren zeramika zatiek adierazten dutenez, erabilera arrunteko labea izan zen eta XIX. eta XX. mendeetan erabili zen. 2002an, Zubiate buztinolako labea Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu zen, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz.
3. Gastañadui edo Ganuza etxea
San Pedro elizaren aurrean dagoen etxe honi buruzko aipamen zaharrenak XVI. mendeko idatzietan agertzen dira. 1730. urtean, Francisco de Gastañadui jaunak, Filipinasko Casamarca probintziako Kapitain Jeneralak, erosi zuen.
4. Aingeru Guarda ermita
Eraikuntza honek oin laukizuzena du eta ura lau aldetara; hormak berriz, landu gabeko harriz eginak. Erretaula polikromatua dauka, eta bertan San Isidro Nekazariren, Aingeru Guardaren eta San Rafaelen irudiak bereizten dira. Martxoaren 1ean meza ematen da bertan.
5. Errosario Santuko ospitala
XVII. mendearen hasieran eraikia. Probintzia eremuko monumentu historiko-artistikoa izendatuta dago. 1912tik oraintsu arte S. Viatorko fraileen esku egon da. 1998an Mondragon Unibertsitateak erosi zuen bere Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea kokatzeko.
6. San Pedro eliza
XVIII. mendearen bukaeran eraikia Mexikotik bidalitako diruarekin. Barroko estilokoa da eta aipatzekoak ditu harlanduzko dorrea eta korupean dagoen Kristoren eskultura. 1991n berriztatu egin zen.
7. Zalbidegoitia palazioa
Jauregi hau XVIII. mendean eraiki zen Pedro Zaldibegoitiak aginduta (parrokia eraikitzeko dirua ere eman zuen) eta Amerikako merkataritzarekin irabazitako diruarekin Gipuzkoan egin ziren jauretxeen tradizioan sartzen da. Berriztatu ondoren udal zerbitzuetarako erabiltzen da.
8. Udaletxea
Udaletxea XIX. mendekoa da. Eraikuntza honek harlanduz egindako oso egitura sinplea du eta aurreko aldea hiru arkurekin osaturik dago. Bere ondoan, Hidalga kalearen 4an, dagoen eraikina izan zen honen aurreko udaletxea.
9. Elorretako errota
Bolibarrerako bidearen hasieran, saihesbideko zubia pasatuta, Bolibar errekatik eskumara eta bidetik ezkerretara aurkitzen da Elorretako antzinako errota. 2005. urtean berreraikia
10. Ibarraundi jauregia
XVI. mendeko lehenengo erdialdera eraiki zuten Ibarraundi jauregia, 1510ean gutxi gorabehera. Ordutik gaur egunera arte ibilbide luzea eta aberatsa izan du eraikinak. Sorreran jauregia izan zen, Eskoriatzako aristokraziaren bizileku. Barroko garaian, berriz, Gipuzkoako baserri onenetakoa, eta 1795ean gaur egingo itxura eman zioten. 2004. urtean berriztatua, gaur egun historia, etnografia eta ingurune museoa da.