Dena prest XXI. mendi bizikleta ibilaldirako
Ibilaldia Eskoriatzak dituen hainbat paraje ederretatik zehar egingo da eta parte hartzaileek 40 km-ko edo 26 km-ko martxa aukeratu ahal izango dute.
Irteera Eskoriatzako plazan izango da, goizeko 9:00etan. Bi ibilbide prestatu ditugu norberak aukeratzeko gogoaren edo sasoiaren arabera. Ibilbide luzeak 39 km ditu, eta motzak, berriz, 26,5 km, baina, metatutako aldapa askoz ere gutxiagorekin, ibilbideen grafikoetan ikus daitekeen bezala.
Ez dugu ahaztu behar ibilaldi hau ez dela lehiaketa, eta antolatzaileok parte hartu behar duzuenoi eskatzen dizuegu bide segurtasun arauak errespetatzea une oro eta ibilbide osoan, eta baita ingurumena errespetatzea ere, eta beraz, lurrera ezer ez botatzea. Derrigorrezko da kaskoa erabiltzea.
Urtero bezala, anoa postu bat egongo da, aurten bi ibilaldientzat leku berean izango da, Gure Ametzan. Anoa horretaz gain, eta ohiko moduan, proba amaitutakoan Aretxabaletako Imanol harategiak prestatutako odoloste, txorizo egosi eta beste jaki onez egindako pintxo gozoak izango dira plazan, parte hartzaileek gogo onez jaten dituztenak egindako ahaleginaren ondoren.
Parte hartzaile guztiei kamiseta eder bat banatuko zaie probaren oroigarri, eta opari batzuk ere zozketatuko dira, eta zortea pixka bat izanez gero, besteak beste, gazta edo urdaiazpikoren bat eraman dezakezu etxera.
Udal kiroldegian leku bat izango da ur-mangerekin bizikletak garbitzeko, eta kiroldegiko dutxak ere irekita izango dira parte hartzaileentzat.
Izena ematea plazan bertan egin ahal izango da 8:15etik aurrera. BTTen federatuek 10€ ordaindu beharko dute, eta federatu gabeek 15.
Informazio gehiago gura izanez gero deitu Kultur Etxera (943 71 46 88) edo posta elektroniko honetan eskatu: kultura@eskoriatza.net
Ibilbideak (XLS)
