castellano |  Web map
  
 
   Udala | Herria | KulturaTurismoa | Kirola | Events | News | argazkiak  
  UDALA  You are here:   Sarrera »  Udala »  Udal arautegia »  Ordenantzak »  Dirulaguntzak
Antolaketa
Udal zerbitzuak
Aurrekontuak
» Udal arautegia
  » Ordenantzak
  Erreglamentuak
Tramiteak
Udaletxe berria iruditan
Udaleko logotipoak
Argitalpenak
Hauteskundeak
Lanpostuak
Kontratugilearen eskakizunak

Dirulaguntzak

I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

Ordenantza honen helburua da Eskoriatzako udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea, eta herritar nahiz erakunde guztiei, berdintasunean oinarrituta, udal honen eskumenekoak ez diren eta herriaren dinamika aberastuko duten zerbitzuak eta ekintzak antolatzeko dirulaguntzak ematea.

2. artikulua

Dirulaguntza da Udalak emandako edozein motako laguntza, zuzena izan ala ez, ekonomikoki balora daitekeena. Horien artean daude, besteak beste, bekak, sariak eta laguntza pertsonalerako bestelako laguntzak.

3. artikulua

Dirulaguntzak emateko arau hauek bete beharko dira:

  • Dirulaguntza borondatezkoa eta ebentuala izango da.
  • Prezendenterik dagoelako ezingo da exijitu.
  • Ezingo da eskatu dirulaguntza gehitzea edo berraztertzea.

4. artikulua

Inolako araurik errespetatu gabe dirulaguntzak emateko hartzen diren erabakiak baliogabeak izango dira.

II. KAPITULUA: ESKATZAILEAK

5. artikulua

Dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte:

  • Herriko erakunde edo elkarteek, irabazizko asmorik izan ez eta dagokien Erregistroan izen emanda daudenek.
  • Araudi honetan aurreikusita dauden ekintzak antolatzen dituzten pertsona fisikoek, beti ere lege betebeharrak betetzen dituztenek.
  • Izatezko elkarteek edo izaera juridikoa ez duten elkarteek, giza-proiekziodun ekintza bat antolatzeko espontanoki sortutakoek.

III. KAPITULUA: DIRULAGUNTZA JASO DEZAKETEN EKINTZAK

6. artikulua

6.1.Ondorengo arloetan sartuta dauden ekintzei eman dakieke dirulaguntza:

  • Kirola
  • Kultura
  • Hezkuntza
  • Euskara
  • Gazteria
  • Emakumea
  • Gizarte Zerbitzuak
  • Drogamenpekotasuna
  • Industria eta Enplegua
  • Elizateak
  • Ingurugiroa
  • Osasuna

7. artikulua

Honako dirulaguntza hauek emango dira:

a) Udalerri edo eskualde mailako erakundeei edo elkarteei, funtzionamendu orekatua eta izaera juridiko propioa dutenei, adostutako hitzarmenak bete ditzaten

b) Udalerrri edo eskualde mailako erakundeei edo elkarteei, funtzionamendu orekatua eta izaera juridiko propioa dutenei, urteko ekintza programak bete ditzaten.

c) Ekintza konkretuak eta espezifikoak gauzatzeko programei.

d) Udalerri edo eskualde mailako erakundeei edo elkarteei, funtzionamendu orekatua eta izaera juridiko propioa dutenei, azpiegitura eta funtzionamendu gastuak finantziatzeko.

Azken dirulaguntza mota hau jaso duten erakundeei edo elkarteei, bere arloko ekintzak antolatzeko erregulartasunez laguntza eskain dezatela eskatuko zaie.

IV. KAPITULUA: PROZEDURA

8. artikulua

Udal Plenoa izango da urteko aurrekontuan dirulaguntza kopurua erabakiko duena. Dirulaguntzak arlo bakoitzak urte bakoitzerako prestatutako planifikazio eta helburuen definizioaren arabera finkatuko dira, baina arlo batean eskaera gutxi egonez gero, posible izango da egin beharreko moldaketa guztiak egitea.

9. artikulua

Eskari guztiek 10. artikuluan zehaztuta dagoen dokumentazioaz gain honako hauek izan beharko dituzte eranskin: ondo arrazoitutako eskabidea, eskatzen den diru-kopurua adieraziko duena, eta ondorengo dokumentazioa:

1.-Urteko programa edo ekintza bakoitzeko eskari bat, elkarteko Lehendakariak edo haren ordezkariak sinatutakoa. Dirulaguntza zer programa edo ekintzatarako eskatzen den ondo zehaztu beharko da.

2.-Eskaria egin duenaren NAN fotokopia.

3.-Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

4.-Elkarte edo erakundearen Estatutuen kopia bat.

5.-Dagokion banketxeak edo kutxak egindako agiria, elkarteak entitate horretan kontu korronterik baduela egiaztatzen duena.

6.-Dirulaguntza eskatzen den urteko jarduera edo ekintza puntualaren programa eta diru-sarrera eta gastuen informazio zehatza eta desglosatua. Ekintza horretarako beste erakunderen bati ere dirulaguntza eskatu bazaio, adierazi egin beharko da.

Aurreko urteetan dirulaguntzarik eskatu duten taldeek edo entitateek, nahiz bere izen propioan laguntza eskatu duten pertsona fisikoek, 1, 2 eta 6 puntuetan adierazitako dokumentazioa bakarrik aurkeztu beharko dute.

Dirulaguntza eskariarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela antzemanez gero, 15 eguneko epea egongo da (jakinarazten zaion egunaren biharamunetik aurrera) hutsune edo gabeziak konpontzeko. Falta den dokumentazioa ekarri ezean, eskaria tramitatu barik artxibatu egingo da eta dokumentuak eskatzaileari itzuliko zaizkio.

10. artikulua

  • Dirulaguntza hitzarmen baten ondorioz emanez gero, hitzarmenaren klausulatan jasotakoa beteko da.
  • Dirulaguntza urteko programei laguntzeko denean, eskaria azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da dagokion departamentuan.
  • Dirulaguntza ekintza puntual bat egiteko denean, eskaria dagokion departamentuan aurkeztu beharko da, ekintza egin baino gutxienez hilabete lehenago.
  • Dirulaguntza azpiegitura gastuei laguntzeko denean, eskaria azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da dagokion departamentuan eta aurreko puntuan eskatutako dokumentazioaz gain, aurreko urteko gastuen eta diru-sarreren balantzea ere aurkeztu beharko da.

V. KAPITULUA: DIRULAGUNTZAK EMATEKO IRIZPIDEAK

11. artikulua

Dirulaguntzak emateko ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:

  • Ekintzaren interesa.
  • Antzeko ekintzarik ez egotea.
  • Dirulaguntzarik gabe egin ezin diren ekintzak izatea.
  • Eskaria egin duenak Udalak antolatutako ekintzatan aktiboki eta maiztasunez laguntzea.
  • Elkartea herrian sustraituta egotea.
  • Kontratatutako langilerik ez egotea.
  • Eskaria egin duenak beste finantziazio bide batzuk ezin lortu izatea.
  • Egitarauaren orijinaltasuna eta momentuaren egokitasuna.
  • Proiektuak euskararen sustapenean izango duen eragina.
  • Proiektua Udaleko arlo batek antolatutako programaren barruan ondo egokitzea.
  • Proiektuaren eragina jasoko duten pertsona kopurua.

12. artikulua

Eskariak dagokion batzorde informatzaileak aztertuko ditu eta bera izango da diktamen baten bitartez proiektuak lehentasunen arabera aukeratu eta, urteko aurrekontu kreditua agortu arte, proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza zenbatekoa izango den erabakiko duena.

Azpibatzorde bakoitzeko Zinegotzi Arduradunek, erabakia hartu aurretik, eskumena izango dute eskatzaileak aurkeztutako datuak konprobatzeko. Ondoren, egoki iruditzen bazaio, erabakia hartzeko jarraitutako prozeduraren berri emango die interesdunei, haiek hamabost eguneko epean bidezko iritzitako alegazioak egin edo/eta dokumentu nahiz egiaztagiriak aurkez ditzaten.

Eskaria egin denetik aurrera 3 hilabeteko epean hartuko du erabakia Alkateak. Epe horretan zehar Alkateak espreski erabakirik hartu ez badu, dirulaguntza ukatu egin dela ulertuko da.

13. artikulua

1.-Dirulaguntza emateko prozeduran posible izango da Udala eta interesdunaren artean hitzarmen bat sinatzea.

2.-Hitzarmenik sinatuz gero, baina, dirulaguntzaren helburua, baldintzak eta xedea errespetatu beharko dira eta baita dirulaguntzak emateko erabili diren balorazio irizpideak ere.

VI. KAPITULUA: ONURADUNEN BETEBEHARRAK

14. artikulua

Diruz lagundutako ekintzek urte horretako abenduaren 31 baino lehen bukatuta egon beharko dute.

15. artikulua

Dirulaguntza jaso duten ekintzek derrigorrez honako hauek bete beharko dituzte:

A.-Euskararen normalizaziorako udal ordenantza bete beharko dute, hau da, ekintza subentzionatuetan argitaratzen diren idatziak, iragarkiak, oharrak eta gainerakoak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz egon beharko dira. Era berean, ospakizunetan bozgorailu bidez ematen diren mezuak ere euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan emango dira.

Batean nahiz bestean, bi hizkuntza ofizialak erabiliz gero, euskarari lehentasuna eman beharko zaio.

B.-Ekintzaren propagandan Udalak diruz lagundutako ekintza dela adierazi beharko da, horretarako Udalean, dagokion batzorde informatzailean, dirulaguntza jaso duen ekintzaren iragarki kartela erakutsi beharko da ekintza egin aurretik. Gainera, dirulaguntza jaso ahal izateko, onuradunek zerga eta Gizarte Segurantzako betekizunak beteta izan beharko dituzte.

16. artikulua

Emandako dirulaguntza ezingo da beste ezertarako erabili.

17. artikulua

Dirulaguntza eskatzearekin bakarrik Ordenantza hau eta dirulaguntzak arautzen dituen Oinarriak onartzen direla esan nahi da.

VII. KAPITULUA: JUSTIFIKAZIOA ETA KOBROA

18. artikulua

18.1.-Udalaren eta elkatearen artean hitzarmenik sinatuz gero, hitzarmeneko baldintzak beteko dira.

18.2.-Dirulaguntza ematen bada urteko programei laguntzeko edo elkarteen azpiegitura gastuei laguntzeko, dirulaguntza-erabakian zehaztutako modu eta epeetan emango da eta bertan erabakian jasoko da elkarteak noiz eta nola aurkeztu behar dituen justifikanteak.

18.3.-Dirulaguntza ekintza edo programa konkretuetarako ematen denean, beharrezkoa izango da Ordenantza honetako betekizunak betetzea, ekintza egina izatea eta ondoren Udalean dokumentazio hau aurkeztea:

  • Ekintzari buruzko txosten zehatza.
  • Elkartearen lehendakariak edo ordezkariak sinatuta dagokion batzorde informatzaileari zuzendutako idatzia, dirulaguntza ematea eskatzen duena.
  • Dirulaguntza lortzeko aurkeztu den aurrekontua justifikatzen duten fakturak. Fakturak ezin badira aurkeztu, egindako gastua aitortzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horietan beharrezkoa izango da diru-hartzailearen izena, kontzeptua, eguna, IFK edo NAN eta sinadura agertzea.
  • Gastu eta diru-sarreren balantze zehatza; bestelako dirulaguntzarik jaso bada, balantzean espreski adierazi beharko da nondik eta zenbat jaso den.
  • Ekintza egiteko sortu den dokumentazio guztiaren kopia bat.

Dena den, beharrezkoa denean, posible izango da dirulaguntzaren %60a arteko laguntza ekintza egin aurretik ematea eta gainontzekoa gastu guztiak behar bezala justifikatu ondoren.

19. artikulua

Aurreko puntuan fakturak aurkeztu behar direla esan da. Kontuan izan behar da faktura horiek honako baldintzak bete beharko dituztela.

  • Orijinalak edo konpultsatuak izatea.
  • Dirulaguntza eman den urtekoak izatea, eta dirulaguntza ekintza puntual bat egiteko eman bada, ekintza hori egin den egunetako data izatea.
  • Faktura kobratu duenaren NAN zenbakia edo lizentzia fiskalaren zenbakia izatea.
  • Aurkeztutako aurrekontua eta fakturak berdinak izatea.

20. artikulua

  1. eta 19. artikuluetan aipatzen den dokumentazioa diruz lagundutako ekintza edo programa egin ondorengo 30 egunetan aurkeztu beharko da.

Dokumentazioa zuzena den eta Ordenantzak eskatzen duena betetzen duen, dagokion batzorde informatzaileak aztertuko du, ondoren Alkateari proposamena egiteko.

Alkateari dagokio ordainketa agintzea.

21. artikulua

Ordenantza honetan aurreikusitako betebeharrak bete ezean, Udalak dirulaguntza gutxitu edo kentzeko ahalmena izango du.

Ordenatza hau, 21 artikulu dituena, behin-beniko onartu eta bere osotasuenan Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu ondoren, apirilaren 2ko 7/1985. Legearen 65.2 artikuluan aurrekusitako aaapea igaro eta gero sartuko da indarrean.