Errekan Gora jaialdiarekin uztaila ikuskizunez jantziko da
Eskoriatzako Udalak, herriko Aitzorrotz eta Elorrioko Arriola kultura elkarteen laguntzarekin, Errekan Gora izeneko jaialdia antolatu du uztaileko lau zapatuetarako. Aurtengo lehenengo edizioa da eta Elorrioko Musikaire jaialdiaren haritik sortu dute. Ikuskizunak herriko lau lekutan egingo dituzte: Gernika plazan, Santa Marina plazan, herriko plazan eta Huheziko klaustroan.
Errekan behera joan zen lehen gizakia, ibar zabalen eta itsasoaren bila.
Errekan behera sortu dira hiri handiak, beren denda-gune erraldoi eta kultur-eraikin liluragarriekin.
Errekan behera legoke mundua, eta etorkizuna, eta dena.
Baina...
Errekan gora daude iturri garbiak, paradisu gordeak, tribu ezezagunak.
Errekan gora daude bestelako munduak, hauek ere mundu honetakoak.
Errekan gora ere badaude jakinduria eta bizipoza, eta jakinmina eta garatu nahia.
Errekan gora dago Eskoriatza, unibertsitate-hiria bere txikian, munduko unibertsitate-hirietan txikiena, seguruenik.
Horregatik...
Errekan gora, Eskoriatzan, kultur ekimen bat abiatzen da aurten: musika eta ikuskizuna kalean, guztion eskura, errekan behera abiatu aurreko garaietan bezala.
Errekan gora deitu diogu ekimenari gure kokapenaren egokia aldarrikatzeko, mundu berriaren sarean puntu bakoitza izan daitekeelako erdigune.
Errekan gora ekimena abiatzen dugu 2008an, bide luzea egingo duen esperantzan, Eskoriatzaren mesedetan, sekulorum sekulotan.
Hala bedi.
Egitaraua
Uztailak 12, zapatua 23:00etan, hankak eta eskuak modu bitxian erabiltzen dituzten Teatrino dei Piedi Gernika plazan.
Uztailak 19, zapatua 23:00etan, Logela Multimedia taldearen Mokaua ikuskizuna Unibertsitateko klaustroan.
Uztailak 24, osteguna 23:00etan, filmen soinu banda zuzenean egiten duen Txatarreria Keaton musika taldea herriko plazan.
Uztailak 26, zapatua 23:00etan, Portugaleko Fado Em Si Bemol musika taldearen ikuskizuna Santa Marina plazan.