Ingurua, mendi ibilaldiak eta elizateak

PR-GI 99: Bolibarko elizatetik zehar
PR-GI 92: Aretxabaleta, Gellao eta Apotzaga elizateak
PR-GI 100: Mazmela eta Zarimutz elizateak
(Ibilbidea zenbait lekutan etenda
egon daiteke, AP-1 autopistako obren ondorioz)
Elizateak
Apotzaga: Eskoriatzako hirigunetik bi kilometro eta erdira dago Apotzagako elizatea, Anboto eta Udalatx zaindari dituela. Baserri multzo aberatsa dago elizate honetan, Okaranza oinetxea tartean. Okaranzatarren familia izan zen elizateko garrantzitsuena XV, XVI eta XVII. mendeetan. Hilerri zirkular bat ere badago Apotzagan, Euskal Autonomia Erkidegoko monumentu multzo izendaturikoa. Baserri bakoitzak bere hilarria du hilerri honetan. San Miguel parrokiaren babespean dago elizatea eta elizak berak arkitektura aztarna erromaniko eta gotikoak ditu.

Bolibar: Hirigunetik 3 kilometrora, Bolibarren, naturak agintzen du. Atxorrotz, Lete, Erañako haitzak eta Axtroki ingurua daude Bolibarren. Eskalatzaileen paradisuan, arkitektura ere txertatu da baina. San Miguel parrokiak XVIII. mendeko zurezko ganga du, leiho erromanikoa ere bai.

Gellao: Apotzagatik hiru kilometrora dago Gellao. Andre Maria Jasokundekoaren parrokia da arkitektura ondare nagusia, ate erromaniko arranditsua duena.

Marin: Eskoriatzako hirigunetik 6 kilometrora dago Maringo elizatea. Santa Maria Magdalena parrokiako erretaula barrokoak erakarri ditu bisitariak batez ere, berriztatu eta 1996ko uztailean inauguratu zutenetik. Santa Luzia ermita eta estilo neoklasikoko hilerria dira beste arreta guneak. Horiez gain, Isasi baserriak berezkoa du xarma, beheko su zentrala baitu XV. mendeko sukaldean, bakarra da Gipuzkoan. Gaur egun jabetza partikularrekoa da eta sukaldea ezin da bisitatu.

Mazmela: Eskoriatzako hirigunetik hiru kilometrora dago. XVI. mendeko Andre Maria Jasokundekoaren eliza, San Bartolome baseliza eta Errota baserriko ibai-errota izango dira hemen bisitariarentzat interesgune nagusi. Erdi Aroko sarkofago bat ere badago San Bartolome baselizatik gertu, egun abereentzako aska gisa erabiltzen dena.

Mendiola: Aretxabaletatik 4 kilometrora dago Mendiola. San Joan Bataiatzailearen parrokian, polikromatutako harriz egindako santutegia eta sakristiako esku-ikusketariak ezin ukatuzko xarma duten eskulanak dira. Mendiolatik ikusmira ederraz gozatuko dugu: Anboto, Udalatx eta Urkuluko urtegia izango ditugu aurrean, besteak beste.

Zarimutz: Eskoriatzako hirigunetik 5 kilometrora dago Zarimutz. Erdi Aroko aztarnen lekuko da elizate hau, eta San Pedro parrokia da horren erakusgarri. XVIII. mendean berriztatu zuten. Mendi ibilaldi politak egiteko lekua da Zarimutz.
