Haurren danborrada
Tortolisak haurren danborradako karrozan
Jolasteko modu asko daude, eta jostailuak ere asko dira. Baina duela urte batzuk jostailuak eta dirua hain ugari ez zirenean Eskoriatzan eta Euskal Herri osoan haurrek bazuten jolas egiteko tresna berezia: Tortolisak
Tortolisak bildotsen atzeko hanketako belauneko hezurtxoak dira eta kultura eta garai oso desberdinetan jostailu moduan erabiltzen ziren. Antzinako aztarnek ezagutzera eman digute Grezia zaharrean etorkizuna igartzeko erabiltzen zirela eta Erromako legioko soldaduek ere tortolisekin jolasten zutela.
Euskal Herriko etxeetan bildotsa jaten zen bakoitzean 2 tortolisak gordetzen ziren umeen jolasetarako, eta baita kolore biziez margotu ere.
Tortolisetan jolasteko modu desberdinak daude, herri bakoitzean arau jakin batzuk baititu. Tortolisen aldeak eta tortolisa bera izendatzeko ere era ezberdinak daude (tortoloxak, kurkuluxak,...) baina Eskoriatzan TORTOLIS izenarekin ezagutzen da. Izen hori da hain zuzen Axtroki kultur taldeak ludoteka izendatzeko aukeratu zuena, modu horretara geure-geureak diren hitzak eta ohiturak denon artean gorde eta bizirik mantentzeko. Asmo horrexekin aukeratu dute gai hau haurren karrozarako danborradako antolatzaileek.