Taloak egiten
castellano |  Web map
  
 
   Udala | Herria | KulturaTurismoa | Kirola | Events | News | argazkiak  
  HERRIA  You are here:   Sarrera »  Ezagutu herria »  Euskararen datuak »  Euskararen erabilera »  Kale erabileraren neurketa
Kokapena
Historia
» Euskararen datuak
Elizateak
Datu ekonomikoak
Irudiak
Eskoriatzako planoa
Kale-izendegia

Kale erabileraren neurketa

Eskoriatzan Euskararen Kale Erabileraren Neurketa egin zuen SEI elkarteak 2003. urteko apirilean, Eskoriatzako Udalak eskatuta. Ezin esan neurketa honen emaitzak direnik eskoriatzarren euskararen erabilerari buruzkoak, momentu jakin batean neurtutako Eskoriatzako kaleetako datuak baizik.

Hona hemen zenbait datu:

  1. Emaitza orokorrak
  2. Auzokako emaitzak
  3. Adin taldekako emaitzak

1-. Emaitza orokorrak

Datuak

2003ko neurketan jasotakoaren arabera, Eskoriatzan euskararen Kale Erabilera % 29,9 da; alegia, kalean neurtu diren 100 elkarrizketatatik 30 izan dira euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz.

Egindako neurketetan guztira 816 hiztuni dagozkien datuak jaso dira, herriko biztanleriaren % 20,76 litzatekeena. Behatutako hiztun kopuru honek SEI Elkarteak neurketaren emaitzen fidagarritasuna bermatzeko ezarritako gutxieneko lagina gainditzen du, eta hortaz, neurketa honetan lortutako erabilera datuek oinarri sendoa dute laginaren tamainari dagokionean.

Euskararen kaleko erabilera (2003) Euskararen ezagutza (1996)
% 29,9 % 56,13
Neurtutako hiztun kopurua Eskoriatzako hiztun kopurua (96)
816 (herritarren % 20,76 ) 3.930

Bilakaera

Emaitzak alderatzeko, 1997an eta 2001ean udalerrian egin ziren neurketak hartu ditugu kontuan. Kontua da, ordea, 1997an eta 2001ean eginiko neurraldietan, Euskal Herri mailakoak zirenez, Erdigunea hartu zela soilik kontuan. 2003ko neurketa hau, ordea, udalak eskatua da, eta zonalde gehiago neurtu dira, Eskoriatzako errealitatea ahalik eta zehatzen jasotze aldera. Bilakaera aztertzerakoan Erdiguneko datuak soilik hartu behar izan ditugu kontuan.

Eskoriatzako erabileran urtetik urtera izan den beherakadarako joera da nabarmendu genezakeena; 1997tik 2003ra 22 puntuko beherakada egon da.

2-. Zonaldekako emaitzak

Herria 3 zonaldetan banatuta

Herritarren leku publikoetako hizkuntza erabilera neurtzea xede izanik, behaketa herriko bizitza soziala gertatzen den zonaldeetan oinarritu dugu. Zonalde horiek definitzeko, udalerriko barruti eta auzo guztiak hartu dira kontuan, herritarren harreman-gune nagusiak non kokatzen diren zehaztu da, eta behin zonalde horiek definitu ostean, zonalde bakoitzaren barruan jarraitu beharreko ibilbideak erabaki dira.

Herria 3 zonalde nagusietan banatuta burutu dira neurketak: Goiko kale-Dorleta auzoa; Erdigunea; eta San Pedro auzoa. Hona hemen bakoitzean behatutako hiztun kopurua eta euskaraz neurtutakoen proportzioa ehunekotan.

Auzo edo barrutiak Neurtutako hiztunak Erabilera batez bestekoa
Goiko kale-Dorleta 126 % 29,4
Erdigunea 431 % 24,6
San Pedro 213 % 25,8

Neurketa bereziak

Hiru auzo horietatik aparte, beste bi neurketa berezi egin dira: azokako neurketa eta unibertsitate ingurukoa. Hauek ez dira herri osoko erabileraren adierazgarri, eta horregatik, emaitza orokorretatik bereizita aztertu ditugu.

Ondorengo taulan azaltzen da bakoitzean behatutako hiztun kopurua eta euskaraz neurtutakoen proportzioa ehunekotan.

Zonaldea Neurtutako hiztunak Erabilera batez bestekoa
Unibertsitate ingurua 113 % 76,1
Azoka 343 % 19,2

3-. Adin taldekako emaitzak

Neurketako datuak adin taldeka bereiztuta jaso ditugu. Eta adin taldeak, berriz, honela banatu ditugu:

Haurrak 2 urtetik 14 urte bitartekoak
Gazteak 15 urtetik 24 urte bitartekoak
Helduak 25 urtetik 64 urte bitartekoak
Adinekoak 65 urtetik gorakoak

Egindako neurketa guztiak batuta, honako hau da adin talde bakoitzean neurtutako euskararen erabilera:

Diagraman ageri den moduan, alde nabarmenez gainera, euskara gehien erabiltzen dutenak 14 urte bitarteko haurrak dira (% 49,8), eta jarraian, oso gutxigatik, 24 urte bitarteko gazteak (% 48,5). Gutxien erabiltzen dutenak, aldiz, adinekoak (% 14,8) dira. Haurren erabilera mailatik adinekoen eta helduen erabilera mailara alde izugarria dago; 35 puntuko eta 30 puntuko aldea, hurrenez hurren, hain zuzen ere. Eskoriatzan euskararen egoera eta geroa, hortaz, gazte belaunaldiei estuki lotua dagoela aurreikus genezake; gazteenei esker eutsi dio Eskoriatzan euskarak erabilera maila horri.

Esan dugun bezala, adinekoak dira erabilera maila baxuena dutenak Eskoriatzan, eta hori ez da ohikoena. Adinekoak, tradizionalki adin talderik euskaldunena izan direnak, helduen azpitik daude erabilerari dagokionean; herrian euskara gutxien erabiltzen dutenak dira. Helduak adinekoen erabilera maila baino 5 puntu gorago ageri dira; helduen ezagutza maila, ordea, adinekoena baino 24,2 puntu baxuagoa da.

Bai helduak eta baita adinekoak ere, batez besteko erabilera mailaren azpitik agertzen dira, hortaz. Haurrak eta gazteak dira herriko indizea gainditzen dutenak. Herriko hizkuntza bilakaerak hobera egin dezan, beraz, funtsezkoa izango da, besteak beste, datozen urteetan helduen erabilera ohiturek ere hobera egitea.